Eskaladako materiala

Jarduera fisiko gehienek bezala, eskaladak ere material espezifikoa behar du. Eskalada modalitate desberdinak daude eta bakoitzak bere ñabardurak ditu materialari dagokionez. Ez dugu gomendatzen ekipamendu guztia lehen egunean erosterik, eskaladak aldaera anitzak dituelako, eta materialaren aukerak desberdinak bezain espezifikoak direlako. Beraz, esperientzia eta ezagutza lortu ahala, benetan behar dugunaz askoz kontzienteago izango gara. Gainera, komunitate eskalatzailea oso irekia eta eskuzabala da, eta beti egongo da norbait bere materiala eskaintzen diguna estualdi batetarako edo lehen irteera batetarako.

Kontuz marketinarekin, eskaladako materiala oso gustagarria eta erakargarria da, dena erosteko gogoa ematen duela onartu beharra dago, baina kontuz, 80 metroko soka bikoitz bat erosi eta zure rokodromoan bakarrik eskalatzen amaitu dezakezu, 50 metroko soka sinple bat nahikoa den lekuan. Beraz, lasaitasuna, ez gaitezen alferrikako kontsumismoan erori.

Modalitateei dagokienez, hasi gaitezen errazenetik: Boulder indoor.

Normalean, boulder-aretoetan hasten gara, eta, bertan, hainbat panel daude, presa ugarirekin eta koltxonetak dituzte panelen oinean, erorketak arintzeko; beraz, arropa erosoa, katu-oin pare bat eta magnesio-poltsa bat besterik ez ditugu behar eskalada mota honetan hasteko. Gure lehen katu-oinak aukeratzean erosotasuna lehenetsi behar dugu, ez daitezela zabalegi geratu, baina, batez ere, ez dezatela minik eman. Prezioa batez bestekoa izan behar da (55-80 euro). Hala ere, boulder-areto komertzial gehienetan, katu-oinak alokatu egiten dituzte; beraz, zure lehen saioetarako oinetakoak alokatzea gomendatzen dizugu, eta gero, argi ikusten baduzu, zeure “katuak” erosiko dituzu.

Beste material garrantzitsu bat (nahiz eta berau erabiltzen ez duten eskalatzaileak badiren) magnesioa da, eskuak gutxiago izerditu daitezen eskuetan ematen dugun hauts zuri hori. Eskuarki, magnesioa gerriari lotutako poltsa batetan eramaten da, eta bizkarraldean kokatzen da, gero, eskalatzean, bi eskuak erraztasun berarekin hurbildu eta hauts zurian sartzeko. Azken aldian, Covid-19aren gaia dela eta, magnesio likidoaren erabilera asko ari da igotzen, bere soluzio alkoholikoari esker, eskuentzako desinfektatzaile bezala ere balio du, eta, beraz, eskalada-gela gehienek (guztiek ez bada) magnesio mota hau erabiltzera behartzen gaituzte.

Rokodromo bateko presak eskuilatzea bezain garrantzitsua edo garrantzitsuagoa da haitzeko presak eskuilatzea, batez ere boulder modalitatean; izan ere, ehunka edo milaka eskalatzailek erabiltzen dituztenez, magnesioak geruza batzuk sortzen ditu, eta geruza horiek mineralizatu ondoren, ezin dira ezabatu.

Osagarri gisa, eskuila bat izan dezakegu, eta erabiltzen ditugun presetatik magnesioa garbitzeko erabili. Saio bat egin ondoren, presak eskuilarekin garbitzea oso ohitura ona da; izan ere, hori egiteko ohiturarik ez badugu, magnesioa heldulekuen gainean metatzen da, eta gainazal trinko eta irristakorra sortzen da, gero kentzeko oso zaila dena.

Barruko eskaladaz ari garenean, normalean boulderra izango da (gehienez ere 4 metroko hormak, erorketak arintzeko koltxonetekin), baina badira barruko eskalada bideak ere, eta hauek eskalatu behar baditugu, ekipamendu gehiago beharko dugu. Hasteko, arnesa behar duzu, arnesa hankak pasatu, gerrira lotu eta sokari lotzen zaion pieza bat da, horrela zure gorputza horman sokak eutsi dezan. Arnesak urte gutxian behin ordezkatu behar dira segurtasun arrazoiengatik, beraz, berriro gomendatzen dugu prezio aldetik eskuragarria den arnes bat erostea. Zure beharrak hobeto ulertzen dituzunean, ordezkatuko duzu. Era guztietako arnesak daude, oso teknikoak, arinak eta minimalistak direnetatik hasi, eta balioaniztun, bigungarri eta doigarrienetara. Eskaladako arnes batekin batera, ezinbestekoa da segurtasun-gailu bat eta blokeo-mosketoi bat izatea.

Segurtasun-gailuak eta blokeo-mosketoia.

Segurtasun-gailuak eta blokeo-mosketoiak, aukera emango dizute zure kidea gimnasioan zein haitzean aseguratzeko eta, behar izanez gero, baita rappela egiteko ere. Segurtasun-gailuari dagokionez, gomendagarria da autoblokeatzailea izatea (adibidez Petzl-en Gri-gri), hau da, edozein erorikoren aurrean automatikoki blokeatzen den gailua. Honek rappeletarako eta, beste gailu bat edukitzera behartzen gaitu, baina kontutan hartuz autoblokeatzailea izateak ematen duen fidagarritasun-maila altua, eta kirol-eskaladan rappela oso gutxitan egiten dela, egokiago eta seguruago ikusten dugu horrelako gailuen erabilera. Kanpoan eskalatzen baduzu, kaskoa erabiltzea ere oso garrantzitsua da, harriak eroriz gero babestu egingo baikaitu.

Orain arte aipatutako elementu hauek dira, haitzean kirol-eskaladako egun baterako beharrezkoa den ekipamendu pertsonal oinarrizkoa. Soka da bestea, kordada bakoitzeko bat beharko dugu, zure kideak soka bat badu nahiko, eta hala ez balitz, soka bat erosi beharko duzu. Batez ere barruan eskalatzeko bada, 50 metro luze eta 9-10 mm bitarteko lodiera duen soka bat gomendatzen dizugu, aldiz, haitzean eskalatzeko bada, 70-80 metro bitarteko luzera eta 9-10 mm bitarteko lodiera duen soka bat gomendatzen dizugu.

Bestalde, sokaren kasuan bezalaxe, gure kordadako kideak express-zinta nahikoa ez baldin baditu, hauek ere erosi egin beharko ditugu. Express-zintak, gure soka horman aurkitzen ditugun aseguruetara (hedatzaileak edo kimikoak) lotzen duten piezak dira. Mutur bakoitzean mosketoi bat daraman zinta bat da, mosketoi horietako bat hormako aseguruari ainguratuko diogu eta zintaren beste muturreko mosketoitik berriz, gu lotuta gauden soka pasako dugu. Aurrera egin ahala, asegurua aurkitzen dugun bakoitzean errepikatzen dugu lotze ekintza hori. Oso garrantzitsua da zehatz-mehatz jakitea nola igaro behar dugun soka mosketoitik; izan ere, behar bezala egiten ez badugu, eroriz gero, soka berak ireki dezake mosketoia eta bertatik irten. Beraz, ondo egiten ez badakigu, esperientzia duen edota oinarrizko segurtasun-jarraibideak ezagutzen dituen norbaitekin eskalatzera joan beharko dugu, edo gauden eskalada-eremu berean dagoen beste eskalatzaile bati galdetu beharko diogu, ondo ari garela ziurtatzeko. Behar ditugun express-zinten kopurua aldatu egin daiteke eskalatuko ditugun bideen luzeraren arabera, baina dozena bat zintarekin 25 eta 30 metro bitarteko bideak eskalatzeko nahikoa izango dugu. Egokiena 15 bat zinta edukitzea da, eta horrela ia edozein bide eskalatu ahal izango dugu. Dena den, bide batera sartu aurretik, oso garrantzitsua da jakitea gutxi gorabehera zein den bidearen altuera eta zenbat aseguru dauden bertan, gero ezustekorik izan ez dezagun, ez sokaren luzerarekin, ez eta soka hormara lotzeko, zenbat express-zinta behar ditugunarekin ere.

Eskalada tradizionalerako edo mendiko eskaladarako ekipamendua.

Eskalada tradizionalean edo mendikoan (alpinismoa, …), ekipamendu gehiago beharko dugu, batez ere autobabeserako elementuak (friendak, trabagailu mekanikoak, …), rappelak egiteko gailuak eta pisua altxatzeko gailuak besteak beste. Artikulu honetan ez dugu ekipamendu mota hori deskribatuko, gure ustez eskalada mota hau oso erabiltzaile aurreratuentzat, adituentzat baita.

Eta, amaitzeko, azpimarratu nahi genuke oso garrantzitsua dela ekipamendu berria erostea, bigarren eskukoa erosi nahi baduzu gailuen egoera eta antzinatasuna ezagutzea behar beharrezkoa da. Bai material bigunak, baita metalezkoak ere, denborarekin eta higadurarekin degradatu egiten dira, eta kontu handiz ebaluatu behar dira erabili aurretik. Garrantzitsua da, halaber, eskaladako materiala gordetzeko leku egoki bat aukeratzea; ez da komeni faktore meteorologikoen eraginpean dauden lekuetan gordetzerik, are gutxiago material korrosiboetatik gertu, gorde beraz leku lehor eta garbi batean.