Eskalada: zure zailtasun maila aurkitzen
Lehenik eta behin, argi utzi nahi nuke artikulu honek ez duela eskalada zenbakietara murriztu nahi, eta ez duela erreferentzia nagusitzat jarri nahi eskaladako zailtasun mailarik altuena. Aitzitik, artikulu honen helburua da eskaladan hasten ari diren pertsonei zailtasun-testuinguru egoki bat bilatzeko orientazioa eta laguntza ematea, dena ematearen eta gozatzearen arteko konbinazio magiko hori aurkitu ahal izateko. Baina gaian sartu aurretik, garrantzitsua iruditzen zait azpimarratzea zailtasuna eskaladaren parte den arren, eskalada erabat ulertu eta gozatzeko zailtasuna baino askoz haratago joan behar dela. Komunitate eskalatzailearen bizimoduaz kutsatu eta bertan murgiltzera animatzen zaituztegu, non lehentasuna gozamena eta ondo sentitzea den. Eskalada guneak dauden eremu eta inguruneen ezagutza eta errespetua, ibilbideen edertasuna, eskalada urratsen estetika, naturaren kontenplazioa… Eskalada autoezagutza-prozesu bat ere bada, non ikasi beharko dugun beldurrarekin elkarbizitzen, jarduera eta deskantsua kudeatzen, motibatuta mantentzen, eskaladan “gure lekua” bilatzen, asko disfrutatu eta behar baino gehiago larritzen ez garen leku hori.
Eta, jakina, prozesu honetan “zailtasun maila bedeinkatuak” pisu handia hartzen du, behar baino pisu handiagoa, handiegia nire ustez, baina bakoitza libre da gehien gustatzen zaion horretan zentratzeko. Eta gauza bat da zailtasuna eskala gisa kontutan izatea eta beste bat zailtasuna maila goren gisa hartzea. Artikulu honetan, zailtasunari erreferentzia-eskala gisa erreparatuko diogu.

Mundu mailan, eskalatzeko zailtasun-maila desberdinak zehazteko, eskala desberdinak daude, eta horiek aldatu egiten dira gauden eremu geografikoaren arabera. Europan hedatuena eskala frantsesa da (hala ere, Alemaniak, Britainia Handiak eta Eskandinaviak eskala propioak dituzte), nahiz eta errealitatean mundu mailan hedatuenak graduazio frantsesa eta amerikarra diren. Gero, graduazio horien barruan bloke-graduak (boulder) eta bide-graduak bereizi behar dira. Eskala frantsesak zenbaki, letra eta zeinu kode bat erabiltzen du. I. eta II. graduetan hasiko ginateke (igoera malkartsu errazak), gero III. eta IV. graduetan (eskalatu errazak izan arren, aurrera egiteko eskuak erabiltzea beharrezkoa da hauetan), eta V. gradutik aurrera zailtasun errespetagarrienetan sartuko ginateke, non graduazioa zenbaki/letra (a, b edo c)/zeinu (+) bidez identifikatzera pasatzen garen. Gaur egun, zenbaki errazena 6 da, eta zailena, berriz, 9; letra errazena “a” eta zailena “c”; eta amaitzeko, zeinu gabe adierazten bada zenbaki horretako maila normal bati dagokio bidea, eta “+” zeinua badu, zenbaki horren barne, maila zaileko bidea litzateke. Adibide praktiko bat jartzearren, 7a+ bat, 7a (+ zeinurik gabe) bat baino zailagoa litzateke, eta 7b bat baino errazagoa. Gaur egun, munduko ibilbide zailenak kontsideratzen direnak, 9c graduan daude. Silence eta Bibliographie dira.

Hasiera-graduak, zalantzarik gabe, III eta V artean daude, baina kontuz, eremuak, eskalada motak, haitzak eta abarrek erabat alda dezakete zailtasunari buruz dugun pertzepzioa. Esate baterako, ondo hornitutako kirol-eskaladako bide batean V bat bide erraza izan daiteke, eta gradu horretan bertan “eskola zaharreko” bide bat, lurretik 300 metrora eta elkarrengandik urrun dauden aseguru flotatzaileekin (eskalada tradizionaleko kendu eta jartzeko aseguruak), amesgaizto bat izan daiteke eskalatzailerik onenarentzat. Era berean, norbaitek 7a maila izan dezake eskaladako bere ohiko gunean, eta ezin du pitzadura arrunteko 6a bat ebatzi, eskalada mota oso berezia baita eta esperientzia handia eskatzen baitu.
Gimnasio komertzialetan normalean route setter bat egoten da (ibilbideen diseinatzailea), erabiltzaileek probatu ahal izateko pauso desberdinak konfiguratzen dituena. Gimnasio horietan, normalean, zailtasun-eskala koloreen arabera adierazten da; gimnasio bakoitzak nahi dituen koloreak eta eskala erabiltzen ditu, eta orri edo kartelen bidez adierazten ditu, erabiltzaileek zer eskalatzen duten jakin dezaten.
Zentro hauetan ez dago arazorik nahi ditugun “urratsak” probatzeko, azken finean erortzen bagara koltxoneta baten gainera eroriko gara, eta urrats horiek oso gutxitan eragiten dute arriskuren bat, ez behintzat lesio bat baino haratago (ez da gutxi baina). Hala ere, egokiena “estutzera” behartzen gaituzten baina “egingarriak” ikusten ditugun urratsak probatzeko ohitura izatea da, eta lehenago edo geroago horiek kateatzea; hau da eboluzionatzeko modu egokiena. Izan ere, beti gure aukeren gainetik dauden urratsak bilatzen baditugu, fustragarria izateaz gain, gutxi hobetuko dugu, ez baikara gai izango mugimendu asko jarraian egiteko, eta, beraz, ezingo dugu ganoraz “entrenatu”. Aldiz, beti oso urrats errazak egiten baditugu, eboluzionatuko dugu bai, baina oso motel.
Haitzean gaia oso desberdina da, dena aldatzen duen beldurraren faktorea sartzen baita. Baina ez da faktore bakarra. Eskalatzeko modua ere goitik behera aldatzen da, indar fisikoak askoz pisu gutxiago du eta, aldiz, teknikak garrantzi handia hartzen du. Rokodromo bateko makurguneetan oso indartsu dabilen norbaitek, arazo larriak izan ditzake bere gorputza erregleta txikietan eta oinak itsatsiz mugitzerako orduan. Horregatik, haitzean eskalatzean, maila baxuko bideak probatuz hastea da onena, eta pixkanaka maila handiagokoak probatzea, harik eta gure muga non dagoen sumatzen edo ikusten dugun arte. Onena da IV edo V graduko bide bat probatzea, gero V+ bat, 6a bat, 6a+ bat, eta abar, gure sabaiarekin topo egin arte. Haitzean alde handia dago aurretik eskalatu, edo bigarrengoz edo atzetik eskalatzearen artean. Aurretik eskalatzen badugu, errespetua eta beldurra eragiten duten “hegaldiei” aurre egin beharko diegu, erortzen bagara, metro batzuk egingo ditugu bapatean behera, sokan azken asegururaino dagoen distanzia, gehi aseguratzaileak “konban” duen sokaren luzera, gehi soka dinamikoak jasaten duen luzatzeak suposatzen duen distantzia. Normalean, hegaldi horiek ez dute arriskurik izaten, baina beldurra ematen dute. Aldiz bigarrengoz edo atzetik eskalatzen zoazela erortzen bazara, normalena da ia zauden lekuan bertan geratzea, beherako hegaldirik gabe. Baina eskaladan, bide bat “kateatzeak” bidea erori gabe aurretik eskalatzea eskatzen du. Atzetik, erori gabe egin dezakezu bidea, baina hori ez da inola ere bidea kateatzea kontsideratzen. Dena den, beti bigarrengoz edo atzetik eskalatzen hastea da gomendioa, eta behin beharrezko konfidantza sentitu ondoren, aurretik eskalatzea proba dezakegu, aseguruak gehiegi urruntzen ez diren bideetan, edo gure ahalmenen oso azpitik dauden bideetan, eta pixkanaka, erronka handiagoak probatzen joan gaitezke. Garrantzitsua da bideak aukeratzerakoan, gustuko sentsazioak emango dizkiguten bideak aukeratzea; hau da, zailtasuna duten bideak, aseguruen arteko distantzia luzea dutenak… gustatzen bazaizkigu, bide horien bila joatea; baina, aitzitik, bide mota horietan beldurragatik blokeatzera irits gaitezkeela uste badugu, aseguruak gertuago dituzten bideak aukeratu behar ditugu, eskaladan %100ean zentratzea baimenduko digutenak. Pixkanaka hobetzen joango gara, eta bide zailagoak eta konpromiso handiagokoak probatuko ditugu.

Denborarekin, agian oso indartsu jarriko gara rokodromoan eta hori haitzera eraman nahiko dugu, ez da hain erraza, hemen ez dago trikimailurik, haitza haitza da eta erretxina erretxina. Haitzean gogor eskalatu nahi bada, haitzean eskalatu behar da; erretxinak lagundu egiten du, baina zenbait bide motatan kalte ere egin dezake. Indarrez gainezka bagoaz, indar horretan gehiegi fidatuko gara, eta oso ibilbide teknikoetan indarrak ez du ia ezertarako balio; indarrean fokalizatuta eskalatzeko joera horrek gure aurka jokatuko du, kalte egingo digu, “dantza” egin behar den bideetan “arraunean” egiten badugu.

Beste arazo bat, denbora gutxian maila oso handira iritsi nahi izatea izaten da. Oso jende indartsuarekin eskalatzen dugunean edo YouTube gehiegi ikusi eta rock star system-ari gehiegi erreparatzen diogunean, etengabe eskalatzaile indartsuak egiten ari diren bideak probatzen egoteko beharra sentitzen dugu. Bide zail asko probatzen baditugu, azkenean bateren bat kateatuko dugula uste dugu. Arazoa da, gure eskalada saioak, txorixoen moduan zintzilik, pauso solteak probatzen, ia arnasarik hartu ezin dugun bideetan pasatzen baditugu, ia ez dugula eboluzionatuko, ez baitugu haitzean hain beharrezkoa den soltura eta arintasuna lortuko. Nik neuk gomendatzen dut noizean behin gure goi-mugan dagoen bide bat probatzea, baina gure saioetan normalena izan dadila gure mailatik behera gradu erdi bat duten bideak eskalatzea, ahalik eta bide gehien, metroak pilatzea, “bistaz” bada hobeto. “Begi-bistaz” eskalatzeak esan nahi du, ibilbide batean lehen aldiz eta bideari buruzko informazio gehiagorik gabe sartzea, bidearen oinetik ikus dezakeguna baino informazio gehiago gabe. Eskalada mota honek, bidean gora goazen einean, bizimodua ateratzera behartzen gaitu, batzuetan bideak estrategia bat marrazteko aukera ematen digu, eta beste batzuetan inprobisatzera behartzen gaitu, eskalatzen gehien eta hobekien ikasten den modua da hau.